Serafin Baroja

 

GAZI-GEZAK

 

 

 

 

Oroitz bat aurrena

Kalderon aundiari

 

Kontatzen dute gizon jakiñ bat

Arkitzen zala ain pobria,

Zeñek lurreko belarra janaz

Ixilltzen zuben gosia.

Bada gizon bat, ziyon beregan,

Ni bezin kupigarria?

Eta áu esanaz atzeko aldera

Biúrtu ditu begiak,

Eta ikusi du beste bat jaten

Ark belar txartzaz botiak.

 

 

Serafin Baroja

Gazi-Gezak

Poesías Prosáicas

en

Vascuence y Castellano.

San Sebastian:

Imprenta de BAROJA. Constitución 2.

1875.

 

 

AI AU DOLOREA!

 

Iñoiz txikitan egiñ ote det

Amen besuan ametsik?

Munduban nabill, aunditu ezkero,

Arpegi baten atzetik,

Alferrik beti! Ez det billatzen

Pentsamentuan besterik.

 

Larogei urte baditut eta

Ez dit galtzen memoriak:

Begiratzen nau, far egiten dit:

Zeruak ditu begiak!

Iñolaz ángo aingeruen bat

Ikusten dute neriak.

 

Jesús nerea! Nere imajiña

Gaur ikusi det kalian:

Nere bordoian goiberatua

Banetorren ni pakian,

Oju triste bat bota det eta

Kordia juan zait golpian.

 

Larogei urte: berak amasei,

Orren berandu billatu!

Kanposantura ni nuanian

Ura munduban argitu:

Eta penarik aundiena det

Ez ditala begiratu!

 

 

MADALENEN ARRAZOIA

 

Madalen ezkondu zan

Bertsolai batekin.

Zortzigarren illean

Poz aundiarekin,

Eder eta galanta

Seme bat du egin.

 

Ama suiaren kontra

Pozoituba dago,

Ta alabak esaten du:

Nolá geruago,

Zortzikuak egiten

Oituba badago?

 

 

NORK ESAN!

 

Galai fiñ ori: beti damakiñ,

Ojal batian lorea;

Esango diat nai badek jakiñ

Zer dan orren dotoreá.

Izutu adi: abadea!

 

Beste jaun ori, zer apaindua!

Urre katia soñian:

Kotxian beti: lenbizikua

Teatruan ta bailian;

Ta bost milla errial urtian!

 

Iru dam’oien ama dek ura,

Ori begien alaia

Zer amatxua! Zeren itxura!

Fiña, aberatsa ta ernaia;

Eta gañera ezkongaia.

 

Or ziak Sánson: berriz dek piztu.

Gorputza, indarra ta odola,

Dena batian. Ta nork sinistu,

Orlako gizon arbolá

Txikiratuba dagola!

 

Milla bat aldiz Joxék Paskuala

Arkitu zikan zatarra,

Broma zalia, au t’ura zala;

Ainbeste burla ta farra,

Ta orain Joxe dik senarra!

 

An ziak beste kaskarin dama,

Ez dik zer esan faltako;

Orain baño len bazikan fama...

«Ixilldu adi.» Zertako?

«Nere emaztea dalako.»

 

 

MEDIKU BATEN ATERALDIYA

 

Konke esan beza, médiku jauna,

Asmatu nuben, ez dá alá,

Nere alaben tristetasuna,

Amore kontuba zala?

Ain da gaisoa inuxentia!

Usakume bat bezala,

Malizi gabe; seguru nago

Mutill koxkorren bat dala.

 

Doña Leokadi: konforme nago:

André jakintsurik ez da

Españiatik Alemanira,

Berorri lenbizi ez bada.

Bañon ote dan mutill koxkorra

Edo alaba ote da,

Egiñ artian, berorrek eziñ

Jakin lezaken gauza dá.

 

 

ORI EJENPLOA!

 

Sartzen da Mitxel jauna

Edana etxian,

Autsiyaz jartzen dana

Bere esku aurrian.

Ikusten du emaztia

Ixillik lanian;

Silla bat eutsitzen du,

Ta golpe batian

Apurtzen du emaztia

Ta silla gañian.

 

Eta emazte noblea!

Ez du atzamurtu,

Ez diyo sikiyera

Begi bat garbitu,

Bestela, umill-umill,

«Senarra» —esan du,

«Orlako jolasakin

Segitzen badezu,

Beñere mueble txar bat

Izango ez dezu.»

 

 

ASTO KONTUAK

 

Ikusirik pasatzen

Astoak ugari,

Aita batek, algaraz,

Diyo semeari:

«Begirakiyok, Pello,

Ire anaiari.»

 

Semeak beriala

Erantzun du: Ené,

Oiek nere anaiak!

Ez nuben nik usté

Bedorrek zitubela

Orrenbeste semé.

 

 

LUTXI

 

Adi nazazu, Lutxi,

Baña ez aserratu:

Lau gora-bera, zenbat

Nobiyo dituzu?

Gutxiyenaz berrogei,

Ez zazula ukatu,

Begi polit oiekin

Zeiñ ez zuk babatu?

 

Igandian etxetik

Ziñanian irten,

Mutill bixar gorri bat

Zeramazun kirten.

Entzun zenuben gero

Meza San Bizenten,

Eta bik, baten partez,

Segitu zizuten.

 

Josteko lagun bati

Besoa emanez,

Alferez bat ondotik

Biyak eramanez,

Merkatuko plazatik

Zijoazten farrez:

Ez gebiltzan aserre

An ikusten zanez.

 

Bazkalaurreko meza

Bukatu zanian,

Ur bedinkatu ondotik

Pasa ziñanian,

Zure esku polita

Busti biarrian,

Nor baitek dizu epeldu

An jende tartian.

 

Ez ziñan ez iritsi

Bakarrik etxera:

Batek lagundu dizu

Etxeko kalera,

Beste batekin gero

Joan zera atera,

Eta ez dezu iñor gabe

Igo eskallera.

 

Enpliatu batekin

Leiotik leiora,

Ari bat ibilliyaz

Berá eta gorá,

Paper buxtan bat dezu

Eraman kolkora,

Bigaldubaz aritik

Beste bat auzora.

 

Artsaldian ikusi

Zaitut Zurriyolan.

Iñoiz ez det ain klaro

Ezagutu nola an,

Zenbat enamoratu

Dituzun kaiolan,

Enituben kontatu,

Kontatu! naiko lan!

 

Arratsian... —Aski da—

Esan zidan ezé

Lutxik begiratubaz

Nai ta naiez triste:

«Askoren naitasunak

Ez nau iñoiz bete,

Nik maite det bat, eta

Berak ez nau maite.»

 

 

PUIGCERDARI

AMALAUDUNA

.

Puigcerdá! Puigcerdá! Berriz gañean,

Ifiñi dezu, erri famatuá,

Oñ azpian karlista apurtua,

Markatuaz orpoa kopetean.

Zeñ andiya begiaren aurrean

Zauden zutik, gloriaz burua

Lagunaren aldera bildua,

 

Altzairu gerrakoa eskuiean.

Inguruko murruak eroriak

Egonarren, Puigcerda, zer zaizu?

Bonbaz arrasatuak naiz etxeak,

Gorrotoak naiz danak ondatu,

Basta da zure izena, zure argiak

Karlist danak belauntuko ditu.

 

 

A LOS AUXILIARES DE BILBAO

 

Zergatik ikusten da

Gure Donostian

Begietan malkoak,

Poza biotzian?

Zergatik seme onak

Ama salbatzian,

Anaiaz galdetu du;

Anaia du aurrian.

 

Bi aldiz salbatzeko

Españi gurea,

Seme bakar bat degu

Bilbaoko semea.

Zuk jaso dezu onra,

Zuk Libertadea,

Bilbao zor dizugu

Odol ta asnasea.

 

 

 

ONORIAREN KANPUAN

 

Esplika nazu, Txanton, gauza bat

Beiñ entenditzia gatik:

Irugarrengo konpañiaren

Ofizialia zu izanik,

Sartzen danian zure jendea

Aurrera sutan, zergatik

Egundañoko aziyuetan

Ikusi zaitut atzetik?

 

Konsistitzen du nere jendeen

Obediyentzi aundian:

Aurrera oju egiñ orduko

Nik mutillari mendian,

Tximista bezin pizkor dijuaz

Denak lenbizi nayian,

Ta, nái ta nái ez, ni gelditzen naiz

Mutill guzien atzian.